#AzkenIndioak

Berriak / Noticias / News / Notícies
12 noviembre 2008

«Behin entzunda berriz entzun nahi izango duzue»

Hizkuntza: euskara | Itzulpena: ez du.
EiTB.

“Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik” disko berria kaleratzear du Gatibu talde bizkaitarrak. Gaztea atarian, hilaren amaiera aldera, esklusiban izango ditugu disko horretako kantuak eta, aurretik, Alex Sardui eta Haimar Arejita taldekideengana jo dugu lan berriari buruzko xehetasunak konta diezazkiguten.

“Mustrurrek sartunde” ezagutu genuen Gatibu taldea zoramena ekarri zuen lehen diskoarekin. Ondoren, “Inpernuen ate joka” ibili zineten eta orain, “Bang-bang txik-txiki bang-bang” bat eginez, “Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik”. Sorginkeriaz beteriko diskoa ari al zarete prestatzen?

Jakina, magiaz beteriko diskoa da. Lehenengo entzunalditik sorginduta utziko du diskoa behar bezala entzuten duen pertsona zein animalia oro. Badakizu, begiak zuriz eta ahotik bitsa botatzen, gutxi gorabehera. Je, je...

Zer moduzkoa izan da prestaketa eta grabazio-prozesua?

Diskorako kantak duela urte bi eta erdi hasi ginen prestatzen, agian zertxobait arinago. Gauzak astiro egiten ditugu, sorkuntza lana ezin delako behartu, gainera bakoitzaren panorama pertsonalak ez du gehiagorako ematen. Baina hala eta guztiz ere, zerbait berria egiteko grina gailendu da, musikari moduan beste erronka baten bila joateko gogoa. Gure jarraitzaileei musika berriarekin eskerrak emateko aukera ere aprobetxatu nahi izan dugu. Hasierako ideia eskeletikoak denborarekin gorputza hartzen joan dira baina beti ere norabide jakinik gabe. Mutazio handiak jasan dituzte hasierako ideiek, eta agian jasango dituzte oraindik, nork daki? Abestiak gurekin batera hazten doaz, gurekin bizi dira. Ez ditugu gauzak oso kontziente eta kalkulatuta egiten, intuizio hutsak eramaten gaitu handik edo hemendik... Grabazioa Berrizko "Lorentzo Records" estudioan hasi ginen uztailaren amaieran. Bateria, baxua eta gitarra linea bat hirurok batera gela berean jotzen grabatu dugu. Zuzenean. Gauza berria izan da guretzat, asko ikasten da. Gero, Muxikako "La Casa de Iñaki" estudioan grabatu ditugu bigarren gitarrak, ahotsak eta baita diskoa nahastu eta masterizatu. Teknikaria Iñigo "Pitu" Etxebarrieta izan da. Diskoaren ekoizpen musikala lokaletik ekarritako berbera izan da. Estudioan Iñigok lagundu digu gauza batzuk erantsiz, perkusio detaile batzuk etabar. Baina ekoizpena geuk egin dugu.

Iparraldean grabatu zenuten “Bang-bang txik-txiki bang-bang”en bideoklipa. Noiz helduko zaigu? Eta bertan zer ikusiko dugu?

Bideoklipa Iparraldeko Arrangoitze herrian eta Lagako hondartzan grabatu dugu. Oso bideo freskoa, dinamikoa eta ikusgarria dela uste dugu. Oso pozik gaude emaitzarekin. Kontuan hartu behar da kamara bakar batekin grabatu dela eta ekipoa hiru lagunek osatzen zuen. Emaitza sinestezina... Laster aterako dela uste dugu, badaukagu gogoa. Bideoak euskal kultura eta beste kultura batzuen erreferentziak dauzka eta oso era modernoan azaltzen dira. Dibertigarria da.

Laino Guztien Gainetik, Sasi Guztien Azpitik” disko berria aurkezteko lehen kontzertua abenduaren 7an izango da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, 2008ko Durangoko “Euskal Liburu eta Disko Azoka”ren barruan. Hortik aurrera, kontzertuak eman eta eman ibiliko zarete ezta? Euskal Herritik kanpo aritzeko planik ba al duzue?

Gure helburu nagusia Euskal Herrian kontzertu onak ematea da. Ahalik eta kalitate handienarekin, jendeak benetan gozatu dezan gure kantekin. Kanpora ateratzea ere gure helburuen barruan dago, eta gogo izugarria daukagu Euskal Herritik irtetzeko. Ez dakit nora eta noiz baina irtengo garena, ziur! Atzerrian ere eskubidea daukate gure musikaz gozatzeko, ez?

Gaztean pribilegiatuak izango gara zuen diskoko kantu guztiak entzun ahal izango baititugu gure interneteko atari berrian diskoa kaleratu aurretik… Zerbait aurreratzerik bai diskoari buruz?

Diskoak, beste diskoek bezala, denetarik dauka. Abesti lasaiak eta mugituak. Pasioz eta sentimenduz gainezka dauden abestiak. Ez da jendea aspertzeko diskoa izango. Behin entzunda berriz entzun nahi izango duzue!
FacebookGoogle+LinkedInPinterestTwitter